emke@emkebanda.com 943 51 92 91

     10 urte baino gehiago pasa dira jada Errenteriako Musika Bandak bi zuzendari dituenetik. Elkarteak herriarekiko duen konpromezua oso handia da, izan ere, 20 emanaldi baino gehiago ematen ditu urtero-urtero Errenteriako jendearentzat. Horregatik, bi zuzendari edukitzeak pisua kentzen die hauei eta denbora gutxian, kalitate bikaineko hainbat egitarau prestatzea errazten dio bandari.

     Gainera, errepertorioa askotarikoa eta aberatsagoa izatea lortzen da bi zuzendarirekin, musika estilo ugari jotzeko aukera ematen baitu.

Carlos Rodríguez Albistur

 

(Errenteria 1967). Bere ikasketak Ignacio Ubiriarekin, orduko bandako zuzendariarekin, hasi zituen eta handik gutxira Ramón Ángel Ruizekin, tronpeta irakasle eta Bandako solistarekin jarraitu zituen.


Erdi mailako ziklo bat ikasi zuen Donostiako kontserbatorioan tronpeta katedradun José María Oiarzabalekin eta bukatutzat eman zituen bere ikasketak.


15 urte zituela, Bandan fliskornoa jotzen hasi zen eta 1988an, 21 urte zituela, hasi zen zuzendari lanetan, benetan gehien gustatzen zaiona egiten.


Autodidaktatzat jo dezakegu, izan ere, aurrean edukitakoa zuzendariengandik ikasi izan du beti: Ignacio Ubiria, José Luis Marco eta José Luis Materengandik hain zuzen ere.


Errenteriako Musika Bandaz gain, beste hainbat talderekin ere lan egin izan du, abesbatza zuzendaritza sariak irabaziz.

 

" Zuzendaritza musikalari dagokionez, autodidakta naiz.

Zorionezkoa izan naiz, musikaren maisu handiak izan baititut aurrean. "

Alain Ayerdi Gurpegui

Alain Ayerdi Gurpegui director de la banda de música de Errenteria

   

     Euskal Herriko Goi-mailako Musika Zentroan (Musikene) lizentziatua da tronboi espezialitatean Juan Real, Dani Perpiñan eta Alberto Urretxo irakasleen eskutik. Tronboiko hainbat masterclass hartu ditu; Alberto Urretxo (solista, BOS), Francisco Rosario (solista, Real Orquesta Sinfónica de Sevilla), Unai Urretxo (solista, Daejeon-eko orkestra, Hego Korea), Marc Templeton (solista, London Philharmonic), Charles Vernon (Tronboi baxua, Chicago Symphony) eta James Markey (tronboi baxua, Boston Symphony). Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) titularra izan da 2005, 2006 eta 2007 urteetan, eta Presjoven eta Leioako Gazte Orkestra bezalako gazte taldeetan parte hartu du.

 

     Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, denboraldiko hainbat kontzertuetan parte hartu du, baita bizkaian zehar orkestrak ematen dituen hainbat kontzertuetan ere. Honez gain, orkestrak egin dituen bira berezietan (Japonia eta Galizia) izan da eta ABAOko hainbat operetan parte hartu du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (OSE) denboraldiko kontzertuak eta ABAOko opera desberdinetan ere parte hartu du. Nafarroako orkestra sinfonikoarekin, Burgoseko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilbao Philarmonia orkestrekin eta Bilboko banda munizipalarekin ere jo du besteak beste. Gaur egun, Andoni Sierraren gidaritzapean dauden Conductus Ensemble eta Santa Mariako Kaperako ganbara orkestren kide da.

 

     Tronboi, tuba eta bonbardino irakaslea da Irungo Kontserbatorioan. 2015. urtetik Errenteriako musika kultur elkarteko zuzendaria da.

 

     Kantuari dagokionez, profesional mailako kantuko titulua du Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ikasi duelarik Ainhoa Merzeroren eskutik. Jarraian Maite Arruabarrena Mezzo-arekin landu du teknika eta baita Carlos Mena kontratenorearekin. Bakarlari bezala Hernasax taldearekin eta Arimaz orkestrarekin abestu du, baita Dido eta Aeneas operan parte hartu Aeneasen paperean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Mainz hiriko (Alemania) Europa Choir Academy taldearekin lan egin du hainbat proiektu desberdinetan. Donostiako Orfeoiarekin abestu du, Coro Intermezzo, Coro de la Orq. Sinf. de Galicia eta Capilla Peñaflorida bezalako taldeekin kontzertu eta grabaketak egin ditu. Aequal Ensemble antzinako musikako ahots laukoteko sortzailea izan zen eta 10 urte baino gehiagoz Kup Taldeko kide.