emke@emkebanda.com 943 51 92 91

“Zentenarioa: Herri bat, Banda bat”

Josu Mitxelena

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteko, lehendakaria

 

Asko dira bai, eta ugariak oso, gure herrian “Zentenarioa” eta Madalen jaien hasieraren inguruan sortutako teoriak. Honako artikuluak, apaltasun osoz, benetako “mito eta elezahar” bilakatutako hauek argitzea beste helbururik ez du. Beti ere, Udal Artxiboan, Euskal Musikaren Artxiboan – ERESBIL eta Errenteriako Musika Kultur Elkarteko – EMKE artxiboan bildutako datu eta dokumentuak oinarri.

 

Beste hainbatetan gertatu antzera, mahai baten inguruan hasitako solasaldia dugu artikulu honen abiapuntu. Aipatu solasaldian, Madalen jaiak hasteko aste bete eskasera, musika zaletu eta lagun batek galdetu zidan:

- Zer dira Madalenak Musika Bandarentzat?

Eta nik erantzun:

- Galdera beste modu honetan egitea egokiago deritzot: Zer da Musika Banda Madalenentzat?

 

Musika Bandaren 154 urteko historia-ibilbide luzea eta bereziki herriarekiko duen atxikipena medio, egun ezagutzen dugun Madalen jaien osaketan, Musika Banda eragile nagusi eta erreferente bilakatu da.

Galdera hark eta gure “Zentenarioaren” datu historiko, Musika Bandak Madalen jaietan izan duen eta duen eragina, eta jaien hasiera (txupinazoa) Viteri Eskolatik (bandaren egoitza zaharretik) Herriko Enparantzara lekualdatzearen inguruan sortutako eztabaidak, gaiok argitu beharra eragin zuen.

Has gaitezen lehenik, gure “Zentenario” kuttunarekin, Iruñean 1852an jaiotako Jose Erviti y Segarra maisuak konposatutako pieza adierazgarria, gure Madalen jaien musika-ikur. 1881. urtea genuen, Madrilgo “Universidad Central”-ak, Calderón de la Barca idazlearen heriotzaren berrehungarren urteurrena ospatzeko egitarauan, prosa, bertso eta musika lan originalak saritzeko lehiaketa zabaldu zuen.

Musika arloan aipatu lehiaketak bere oinarrietako lehen puntuan jasotzen zuen: “un pasa-calle para los instrumentos que se usan generalmente en las estudiantinas, a saber: flautas, violines, guitarras, bandurrias y panderetas”. Urte hartako maiatzean bertan, sari banaketari ekiten zaio, Alfonso XII errege epaimahai buru. Bertan ziren ere, infantak, Madrilgo Gobernadore José Alvarez de Toledo y Acuña eta Universidad Centraleko klaustro osoa. Erregeak sariak banatu zituen, eta zilarrezko domina egokitu zitzaion José Erviti y Segarra maisuaren “El Centenario, pasa-calle” konposizioari.

Hantxe jaio zen, gure “Zentenarioaren” lehen bertsio originala (bibolin, gitarra, bandurria eta panderetarentzat idatzitakoa), urte batzuk geroago, egileak berak, Musika Bandarako egokituko zuena, “El Pentragrama” argitaletxea medio. Aipatu argitaletxean, autoreak (Ervitik) musika bandarentzat hainbat lan bildu zuen, horietako asko beste instrumentu taldeentzat idatzitakoak hasiera baten eta norberak musika bandarentzat egokitutakoak, partitura orokorrean (ez ohikoa garai hartan). Agian, eta hauxe nire iritzi subjektiboa litzateke, Ervitik musika bandarentzat egokitu zituen bere lan asko, XIX mendeko bigarren zatian indartsu sortzen ari ziren musika bandek, etorkizunera begira gure kale eta herrietan musika hedatu eta zabaltze arlotan izango zuten garrantziaz oharturik. Era honetan, Ervitik bere hainbat lan egokitu zituen, banda errepertorioa aberastuz.

Baina nork eta noiz txertatu zuen gure herri errepertorioan “Zentenarioa”?

  1. urtean Musika Banda, Jose Mari Iraola zuzendari, uztailak 21ero bezalaxe Madalen jaien kalejira herrikoiari hasiera eman zion, baina urte hartan doinu berri batez: “El Centenario”. Garaiko ohiturari jarraiki, udal garbiketa zerbitzuko langile batek suziria bota ostean, kalejira herriko kaleetan zehar abiatu zen Madalen jaiei hasiera herrikoia emanez. Viteri Eskola zaharrean Musika Bandak zuen egoitzatik irten eta jaiei hasiera emateko irrikaz bertan bildutako jendetzaren babesaz abiatzen zen, arratsaldez herriko Musika Banda, urte haietan esan bezala, Jose Maria Iraola igeldotarraren zuzendaritzapean.

Konposizio hark, “El Centenario”, lehen unetik jaso zuen herritarron onespena, oso gustukoa zuten, eta urteen poderioz Madalenetako doinu-ikur bilakatu zen.

Gure partitura kuttunaren konposizio eta txertatze arloak argituta, artikuluaren bigarren zatira gatozen: Madalen jaiak Musika Bandaren egoitzatik abiatzen baziren, Viteri Eskola zaharretik, noiz, nork eta zergatik eraman zuen “Zentenarioa” Herriko Enparantzara?

Noiz? Hirurogeiko hamarkadan, 1967. urtean, Udalak argitaratutako Oarso boletinean irakur zitekeen bezala: "A las siete de la tarde. Desde el balcón principal del Ayuntamiento, en la Plaza del General Mola, será disparado el primer cohete, que con alegre volteo de campanas, señalará el principio de las Fiestas, y la Banda de Música de la Asociación de Cultura Musical Renteriana interpretará el clásico pasodoble EL CENTENARIO. Seguidamente...". Edota Rafa Bandresek berak 1967ko efemerideetan jaso bezala: “A las 19 horas por primera vez, novedad èste año, se lanzó el cohete desde el Balcòn del Ayuntamiento". Orduko alkate Luis Barinaga Hernandezi, diotenez Iruñeako jaien hasierako txupinazoaz txundituta, Madalen jaien abia puntua Herriko Enparantzara (garai hartan lekualdatzea otu zitzaion. Hala, Madalen jaien hasierako suziria Udaletxeko balkoi luzetik bota eta Musika Bandak, Udaletxeko arkupe aurrean, balkoi luze azpian kokatuta, herriaren aurrean “Centenario”-a indartsu jo zuen.

Urtetan aurrera, 80. hamarkada korapilatsuan, Herriko Enparantzan Udaletxeko balkoi luze azpian jotzea ezinezkoa suertatu zen. Musika Banda, enparantzan berez zegokion lekua galtzen ari zelaz oharturik, eta hainbat kokapen saiatu ostean, hala nola, Kapitain Enea kalea edota Erdiko kalea, 1995ean Musika Kultur Elkarteko Batzarrak, bere lehendakariaren proposamenaz, Musika Banda egun ezagutzen dugun kokapenera eramatea erabaki zuen, Andre Mariaren Jasokundearen Parrokiko eskalinatara, alegia. Kokapen pribilegiatua, Musika Banda Herriko Enparantzan txertatzen duena bete-betean, Udaletxea eta Bandaren ondoan bildutako herri osoaren aurrez aurre.

Jaien hasiera ordutegiari dagokionez, datu bitxia da Madalenak arratsaldez hastea Musika Bandari zor diogula. Gure musikoak, egungoak bezalaxe amateurrak ziren, eta Musika Bandara lanaldia amaitu eta gero iristen ziren. Jaiei hasiera eguerdian ematea, ezinezkoa suertatuko litzateke eta horrexegatik urte haietako ohiturari jarraiki, gure herriko Madalen jaiak egun, arratsaldeko zazpiretan abiatzen dira (inguruotako herri gehienetan ez bezala).

Laburbilduz eta artikulu hasieran aipatu galderari erantzunaz, Madalenak Musika Banda dira eta Musika Banda Madalenak dira. Musika Bandak gure jaiei hasiera eta amaiera ematen die “El Centenario” konposizioaren doinuaz, herriaren eta bere Musika Bandaren arteko sinbiosia. Herri baten nortasuna bere kulturan datza eta herriko Musika Banda, aipatu kulturaren adierazle bat da. Herri Bat, Banda Bat!!!

bandera emke

" El Centenario "

     Urtero-urtero, uztailaren 21ean, arratsaldeko 7etan, Madalenetako txupinazoaren ondoren, Bandak José Ervitiren "El Centenario" izeneko pasodoble - kalejira jotzen du herriko kaleetan zehar.

 

     1920. urtekoa da ohitura hau eta herritarren artean duen arrakastaren ondorioz, herriko himno bihurtu da.

 

Partiturak eta audioak link hauen bidez deskargatu ditzazkezu:

                                                                                                                

 

 

" Diana de Errenteria "

     "La Diana de Errenteria" herriko festetako beste ikono musikaletako bat da. Herrikoia da jatorriz eta gure zuzendarietako baten, Carlos Rodríguezen, moldaketari esker, bandarentzat guztiz aproposa den moldaketa, Madalenetako dianetan jotzen dugu.

 

 

 

Partiturak eta audioak link hauen bidez deskargatu ditzazkezu: